Skip links

Jakin nahiko zenituzkeen gauzak… ZAINTZAILE MIGRATZAILEAK BIZITZAREN SOSTENGURAKO

 

Lucía Martinez Virto Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten du lan irakasle eta ikerlari gisa.

Gizarte Langilea da, eta Gizarte Lana eta Soziologia sailean doktorea. 

 


Azken urteotako aldaketa sozial, demografiko, politiko eta ekonomikoek izugarrizko eragina izan dute gure zaintzaereduan. Emakumeak soldatapeko lan-merkatuan sartu dira, gizartea zahartzen ari da eta migrazio-fluxuak ditugu; horrek adierazten du, hein batean, nolakoa den gaur egungo gizartea. Horren haritik, bizitzaren sostenguak beste zenbait alderdi hartzen ditu bere baitan, hala nola zaintza eskubidetzat hartzea, ereduaren finantziazioa, lurraldearen aniztasuna, familietako zaintza-ereduak eta zaintzaren inguruko lan-sektorearen sustapena; hori guztia kontuan izanik, bizitzaren sostenguaren etorkizunean, zeharka eragiten dute hiru ardatz nagusi hauek: genero-berdintasuna, migrazioak eta gizartearen zahartzea.

 

Zein da 2030erako aurreikuspena, migrazioen ikuspegitik?

Bada, gizarte zahartuagoa eta kultura-anitzagoa. Eustat-ek 2031rako egindako proiekzio demografikoaren arabera (2020), 65 urte baino gehiagoko biztanleen ehunekoak, biztanle guztiekiko, gora egingo du % 22,8tik % 28,2ra. Hau da, ia-ia 6 puntu egingo du gora. Gorakada hori antzekoa izango da gizonen zein emakumeen kasuan; Euskadiko gizonezko guztien artean, 65 urtetik gorakoek % 20 egiten zuten 2020an, eta % 25,4 egingo dute 2031n. Emakumezkoei buruzko datuak antzekoak izango dira: Euskadiko emakumezkoen % 25,4 ziren 65 urtetik gorakoak 2020an, eta % 30,8 izango dira 2031n. Datu horiek guztiek argi adierazten dute gure gizartea gero eta zaharragoa dela.

 

Bizi-itxaropena luzatu izana oso kontu ona da, bai?

Jakina! Osasun- eta pentsio-sistema publikoak erabakigarriak izan dira bizi-itxaropenaren luzatze horretan. Gero eta urte gehiago bizi gara, eta bizikalitate hobearekin biziko gara. Bizi-kalitatearen hobetze horrek, halaber, zahartzeko moduak aldatzea eragin du. Zaintzaren inguruko joera berriek agerian utzi dute egonaldi luzeko ospitale-arreten kopuruak behera egin duela, edo ohiko egoitza-zaintza ez den beste formula batzuk ugaritu egin direla.

Bestalde, munduan barrena izandako aldaketa ekonomiko eta politikoek berekin ekarri dute, azken bi hamarkadetan, herrialde eta kontinenteen arteko migrazio-fluxuak ugaritzea. 2019. urtean, Euskadin bizi diren pertsonen % 92,4 Espainiako Estatuaren barruan jaioak dira, eta % 7,6 atzerrian jaioak. Horrek esan nahi du 3 puntu egin duela gora ehunekoak 2007. urteaz geroztik, urte horretan biztanleen % 4,4 baitzen estatutik kanpo jaioa. Horien artean, Ikuspegik emandako datuen arabera (2019), % 52,6 emakumezkoak ziren eta % 47,4, gizonezkoak.

Datu horiek nazionalitatearen arabera xehakatuta, atzerrian jaiotako pertsonen % 38 Amerikatik etorriak dira (% 24 Hego Amerikako herrialdeetatik eta % 14 gainerako herrialdeetatik), % 29 Afrikatik (% 19 Magrebetik, eta % 10 gainerako herrialdeetatik), % 26 Europatik (% 16 Ekialdetik eta % 10 gainerako herrialdeetatik) eta % 9 Asiatik edo Ozeaniatik. Bai migrazio-prozesuak eta bai zahartze-prozesuak adierazten dute nolakoa den, hein handi batean, Euskadiko eta gainerako Espainiako Estatuko zaintzaeredua.

 

Garrantzitsua al da zaintzaren eta bizitzaren sostenguaren gaia?

Zaintzak ezinbestekoak dira, baldin eta aldaketei eta eraldaketei aurre egingo dieten lurraldeak eta gizarteak eraikiko baditugu. Zaintzea, tratu ona bermatzeko haurtzaroan; zaintzea, gizarte-bazterketa bizi duten pertsonek aukera hobeak izan ditzaten lortzeko; eta zaintzea, mendekotasunen bat duten edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharrei erantzuteko. Zaintzak, horrenbestez, ez du esan nahi bizitzaren azken urteetan lagun egitea bakarrik, zaintzaren funtzioa bizi-ziklo guztiaren joanean gauzatzen baita, gizarte indartsuak eta erresilienteak eraikitzeko.

Gizarte-sektore zaharrenei dagokienez, Mendekotasun Legea indarrean egon aurretik, gizartezerbitzuetako politiken bidez eman zitzaion konponbidea adineko pertsonen zaintzari, eta horretarako jarri zituzten baliabideak, besteak beste, zaindua izateko beharrari eta norberaren ingurunean bizitzen jarraitzeko nahiari erantzuteko ziren, bai eta egoitzaren baterako sarbidea edukitzeko ere. Baliabide horietako asko oraindik ere baditugu (etxez etxeko laguntza-zerbitzua, telelaguntza, egoitzak, eguneko zentroak, etab.), eta guztiak izan dira funtsezkoak pertsonen zaintzarako. Nolanahi ere, funtsezkoa izan da, halaber, familia; izan ere, familia arduratu da zaintza kudeatzeaz eta antolatzeaz.

 

Nork zaintzen du Euskadin?

Beste lurralde askotan bezala, Euskadin ere areagotu egin dira besteren kontura zaintzeko lan-jarduerak. Familia-zaintzarekin zerikusia duten langileen kopuruak nabarmen egin du gora azken bi hamarkadetan. Eustatek emandako datuen arabera (2019), “Bestelako gizarte-jarduerak eta zerbitzu pertsonalak” jardueraren alorrean diharduten pertsonen kopurua bikoiztu egin da 1996. urteaz geroztik; zehazki, 1996an 23.881 lagun aritzen ziren eta 2019an, berriz, 40.719. “Etxeko lanak” egiteko etxeetan lan egiten duten pertsonen kopuruak ere nabarmen egin du gora: 4.419 lagun ziren, eta azken datuen arabera, 28.131 dira; hau da, 1996ko kopurua halako sei da 2019an.

Horrenbestez, datu horiek agerian uzten dute etxeko zaintza asko jada hasi direla horretarako propio kontratatutako pertsonen gain geratzen. Garai bateko egoerarekin alderatuta, garbi dago izugarri aldatu dela zaintzaren alorra. Zer dela-eta gertatu ote da?

Zaintzaren alorreko gizarte-antolaketan izandako aldaketei buruzko literatura zientifiko ugari dago, osotasunean aztertu nahi izan baita nola egin zaion aurre zaintzak berekin dakarren presio sozialari. Azterketa horietan, azken hamarkadetan gure historian garrantzi handia izan duten hiru prozesu identifikatu dira: emakumezkoen emantzipazio progresiboa, gizarte-politiken ugaritzea eta migrazio transnazionalak.

Emakumezkoak soldatapeko lan-merkatuan sartzeak berekin ekarri du familietan zaintzen antolaketa aldatu beharra, emakumeak egin ohi baitu lan hori. Baina prozesu horrek ez du eragin proportzio berean gizonezkoek lan hori egitea. Zaintza-alorreko “erantzukidetasuna” esan zaion prozesu horrek ez du lortu emakumezkoa familien zaintza- eta sostenguarduratik askatzea. Eustatek denboraren erabilerari buruz egindako inkestaren arabera (2018), 2013. urtean baino 10 minutu gutxiago ematen dira Euskadin etxeko lanak egiten, hala nola otorduak prestatzen, garbitzen edo erosketak egiten. Emakumezkoek eta gizonezkoek etxeko lanak egiten ematen duten denboraren arteko aldea ere murriztu egin da; 2018an emakumezkoek ordu 1 era 11 minutu gehiago ematen zituzten etxeko lanak egiten gizonezkoek baino, eta 2013an, berriz, ordu 1 eta 24 minutu gehiago. Zaintzalanetan, ordea, denbora gehiago ematen dugu; etxekoak zaintzen, adingabeak zein adinekoak, egunean 2,25 ordu ematen dira, batez beste. Halako lanetan diharduten gizonezkoek 2 ordu eta 3 minutu ematen dituzte egunean, eta lan horietan diharduten emakumezkoek 2 ordu eta 41 minutu. Oso datu adierazgarriak dira: gizartearen jarrera gero eta erantzukideagoa da, baina familiek gero eta denbora gutxiago ematen dute zeregin horietan. Denbora gutxiago ematen dugu eta zaintza-sektorean besteren konturako gero eta langile gehiago daude; argi dago zein den joera: zeregin horiek merkantilizatzen ari dira.

 

Zer dira “zaintza-kate globalak”?

Euskadin, XXI. mendean migrazio-fluxuen kopuruak gora egin du; gehienak, lehen ere esan dugunez, Hego Amerikako edo Afrika iparraldeko herrialdeetatik etorritakoak. Gero, fluxu horiek beste leku batzuetatik etortzen hasi ziren, hala nola Ekialdeko Europatik, Saharaz hegoaldeko Afrikatik eta Amerikako eta Europako gainerako herrialdeetatik. Oso migrazio feminizatua da, eta haietako asko zaintza-sektorean hasi ziren lanean; horrek berekin ekarri du eragin globaleko zaintza-kudeaketa. 

“Zaintza-kate globalak” kontzeptua Arlie Hochschildek erabili zuen lehenbizikoz, honako hau adierazteko: “munduko hainbat tokitan dagoen jendearen arteko hartu-emanak, oinarri dituztenak zaintza-lanak, soldatapekoak zein soldataz kanpokoak”. Gerora, beste egile batzuek honela definitu zuten kontzeptua: “bizimoduari eutsi ahal izateko osatzen diren kate transnazionalak, zeinetan etxeetan zaintza-lanak batzuetatik besteetara transferitzen dituzten, botereardatzak baliatuta, hala nola generoa, etnia, gizarteklasea eta jatorria”. Kontzeptu horren baitan, aztergai dugun fenomenoa azaltzen laguntzen duten funtsezko hiru dimentsio batzen dira: zaintzen kudeaketa, migrazioak eta generoa.

2000. urtearen erdialdeaz geroztik, Europan hainbat azterlan egin ziren, zaintza-lanen erregimenen eta emakumezkoen migrazioen arteko loturak aztertzeko. Azterlan horiek agerian utzi zuten familiek zuzenean kudeatutako prestazio ekonomikoek sustatu zutela etxeko langileak kontratatzea, etxean zaintza-lanak egiteko.

Testuingurua halakoa izanik, zaintza-laneko sektore batean sartzen den emakume migratzailea –jakinik sektore horrek gizartean onespen gutxi duela, erregulazio prekarioa duela eta babesgabetasuna handia dela– hiru arrazoirengatik diskriminatzen da: emakumea, pobrea eta etorkina izateagatik. Sonia Parellak honela adierazi zuen, oso ongi adierazi ere: diskriminazio hirukoitza, gizarte-klasea, generoa eta etnia direla-eta.

 

Zaintzen sostengua da kontua, edo justizia sozialeko kontu bat da?

Orain arte adierazitakoa aintzat hartuta, argi geratu da oso lotuta daudela migrazio-prozesuak eta zaintzalanetako zein etxeko lanetako beharrak. Zaintzalanbidea ez da lanbide errentagarria. Ez zen inoiz izan etxeko lanak eta zaintza-lanak egiten zituzten emakumeentzat, eta orain ere ez da, oso prekario bizi baitira lanbide hori dutenak. Orain gutxi egindako azterketek ere agerian utzi dute oso desberdintasun handiak eragiten dituela etxeko lanen eta zaintzalanen sektorean lan egiteak, desberdinkeriako zein prekarietateko terminotan. Horren hari beretik, Intermon Oxfam erakundeak egin berri duen txosten baten arabera (2019), emakumezkoen lanprekarietatea da, hain zuzen, pobrezia-egoeren eragile nagusia eta emakume horien eta haien familien autonomiarako eragozpena.

Horrezaz gain, zaintza-lanak, lan prekarioa izateaz gain, ondorio kaltegarriak eragiten ditu zaintzaileen osasunean. Zaintza-lanak zaintzailearen egoera fisikoan, psikologikoan, emozionalean, sozialean eta ekonomikoan eragiten du; zaintzaileek berek onartzen dute hala dela. Osasunean eragiteaz gain, familiaharremanetan ere badu eraginik, bai eta aisiarako denboran eta gizartean parte hartzeko denboran ere, eta horrek isolatzeko arriskua areagotu egiten du. Beste egile batzuek, gainera, emakumezkoen eta gizonezkoen kostuen artean alde nabarmenak hauteman dituzte: emakumezkoenak handiagoak dira. Euskadin antzeko ondorioak atera zituzten, Euskal Autonomia Erkidegoko osasunaren inkesta aztertu ondoren.

Azken batean, oso konplexua da ulertzea familia askotan lortutako oreka, zaintzen kudeaketan migrazioen aldagaia baliatu gabe. Gure gizartean egin duen ekarpenak balio ekonomiko ukaezina du, kasu askotan bi hamarkada baino gehiagoz; baina gure gizarte- eta familia-garapenean ere balio biderkatzailea izan du, zaintza fisiko edo emozionalaren terminotan pertsonen eta gizartearen garapenean egindako ekarpenarengatik. Zaintzaile horietako askoren lan-egoerak ez du konponbide erraza. Konponbidea aurkituko badugu, gizartearen eta politikaren konpromisoa behar da, haien lana eta ekarpena aitortu behar da eta horretarako beharrezko baliabideak jarri behar dira. Etorkizuneko eta sostenguko kontu bat izateaz gain, justizia sozialeko kontu bat ere bada.

 


Testu hau USTEAK USTEL argitarapenaren VII. Kapituluaren zati bat besterik ez da, testua osotasunean irakurtzeko sakatu hemen

 

Iruzkina egin