Aurten ZAS!ek (Zurrumurruen Aurkako Sarea) lehen aldiz, “ZAS! Egunak” ospatuko ditu, hiru lurralde-topaketa. Topaketa hauen asmoa, alde batetik ZAS! sarearen lana ezagutaraztea da, eta beste aldetik, Zurrumurruen Aurkako Estrategia herritarrei hurbiltzea. Hiru “ZAS! Eguna” hauen sarrera doakoa izango da eta aire librean ospatuko dira, hiru herri ezberdinetan: Bizkaian, Gernikan kokatuta egongo da, Arabako kasuan, Agurainen, eta Gipuzkoan Ordizian izango da.
Proposamen honen aniztasunak ZAS!en eta ZAS!eko kideen lana kalean lurreratua ikusteko aukera emango digu, bizilagunengana hurbilduz. Horrela, sarearen eragin eta inpaktu sozialerako gaitasuna biderkatuko da eta amankomunean daukagun helburua zabalduko da: «Bizikidetzari eragiten dioten aurreiritziak zalantzan jartzea eta estereotipoak desegitea, kulturarteko ikuspegitik».
Datorren urriaren 15ean, Gernikan
Lehen ZAS! Eguna, Bizkaian izango da, konkretuki Gernikako azokan, datorren urriaren 15ean, larunbata. Bertan, herritarrek, adin guztietarako tailerretaz, umeentzako ipuin-kontaketaz eta gune informatiboetaz gozatzeko aukera izango dute. Horrez gain, «3052» liburuari buruzko solasaldi bat izango da, bertan, Mamadou Diak bere migrazio-prozesuaren (Senegaletik Espainara) gorabehera latzak kontatuko ditu.