Skip links

Jakin nahiko zenituzkeen gauzak… ESKUIN ERRADIKALAK

Jesús María Casquete Badallo Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da, Konstituzio Zuzenbidea eta Politika Pentsamenduaren eta Gizarte Mugimenduen Historia sailean. Bere lanen artean, argitaratu berri duen El culto a los mártires nazis liburua. 

 


Ultraeskuina aipatzen dugunean, zeri buruz ari gara?

Gaur egun, termino ugari erabiltzen dira eskuineko ideologia-ikuspegi estremistari aipamena egiteko, eta horrek, noski, nahasteak sortzen ditu aurrean dugun errealitatea definitzean. Hauxe da, hain zuzen, terminoen nahaste hori guztia ordenatzeko modu bat: ultraeskuina demokrazia liberalaren aurkako espektro “antisistema” da. Ultraeskuina bi familiatan edo multzotan banatzen da. Alde batean, eskuin-muturra dago, demokraziaren funtsaren etsaia, hau da, herri-subiranotasunaren eta gehiengoaren botoaren edo nahiaren etsaia. Eskuin-muturraren adibiderik argiena faxismo historikoa da (eta haren gaur egungo jarraitzaileak). Beste aldean, berriz, eskuin erradikala dago, demokraziaren funtsa onartu arren, demokrazia liberalaren funtsezko zenbait alde ukatzen dituena, hala nola gutxiengoen eskubideak errespetatzea, legearen araberako gobernua eta botere-banaketa. Nolabait esateko, eskuin erradikalak ez du zalantzan jartzen herriaren boterea, “printzipio demokratikoa”; eskuin-muturrak, aldiz, bai, zalantzan jartzen du, eta konponbide “autoritarioen” alde egiten du. Nolanahi ere, beti ez da erraza ultraeskuinen bi multzo horiek bereiztea.

Egun, hauek dira era batera edo bestera faxismo klasikoaren legatuan inspiratzen diren eskuinmuturreko alderdiak: Alemaniako Alderdi Nazional Demokratikoa (NPD), Greziako Egunsenti Urrekara eta Hungaria Hobe baten aldeko Mugimendua (Jobbik).

Antidemokratikoak al dira eskuin erradikaleko alderdiak?

Teorian ez, ez baitute gehiengoaren printzipioa zalantzan jartzen, baina alderdi horien zenbait proposamenek talka egin dezakete demokraziaren eratze-balioekin (gizakiaren duintasuna, pertsonaren eskubideak edo herri-subiranotasuna). Vox alderdiak, bere programa-dokumentuetan, kritikatu egiten du demokraziaren funtzionamendua, baina, forma aldetik, ez du ezer gehiengoaren gobernuaren aurka. Bestalde, Frantziako 2017ko presidentetza-hauteskundeetara aurkeztutako konpromisoan, hau agindu zuen Marine Le Pen hautagaiak: “nire nahia da erabakiak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzea, eta herritarrek erabaki horiek kontrolatu ahal izatea”. Frantziar buruzagiak “gertutasuneko demokrazia” esaten dio. Horrez gain, Le Penek herri-ekimeneko erreferendumak egitea proposatu zuen, eta ongizate-estatuari, immigrazioari, kulturaniztasunari edo Europar Batasunari lotutako gaietan bozketak egitea. Austriako Askatasunaren Alderdiak (FPÖ) “demokrazia zuzena garatzea” agintzen du. Eta Txekiar Errepublikako eskuin erradikaleko alderdi batek Askatasuna eta Demokrazia Zuzena du izena.

Ultraeskuina, eskuin erradikala, eskuin-muturra, horiek al dira termino guztiak?

Ez, eta, gainera, badu garrantzia. Alemanian, esaterako, eskuin erradikaleko alderdiak legezkoak dira (horra hor, esaterako, Alemaniarentzako Alternatiba, AfD), baina eskuin-muturrekoak, ordena konstituzionalaren aurka egiten dutenez, legez kanpo utz ditzakete. Alderdi “nazionalpopulistei” buruz ere hitz egiten da; termino horren bidez, nazioaren kultura eta interesak lehenesten dituzten alderdiak aipatzen dira, hau da, “jendea” −bere errealitatetik eta arazoetatik urrun dauden elite ustelek gutxietsia eta engainatua sentitzen den “herria”− lehen lerroan jarriko dutela agintzen duten alderdiak. Hala, Frantziako 2017ko presidentetzahauteskundeetan, goiburu adierazgarri hau zuen Marine Le Penen hauteskunde-programak: “Herriaren izenean”. Azkenik, eta, bereziki, beren postulatuei atxikitzen zaizkien taldeei buruz aritzeko, “eskuin identitarioa” etiketa erabiltzen da.

Eskuin erradikaleko alderdiak faxistak al dira?

Faxismoa gerra arteko aldi bateko mugimendua izan zen, eta zenbait herrialdetan boterera iritsi zen, Italian eta Alemanian, adibidez. Bai Mussoliniren Alderdi Faxistak, bai Hitlerren Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistak demokrazia mespretxatzen zuten, eta ahal zuten guztia egin zuten hura dinamitatzeko (eta lortu, gainera). Batak zein besteak unitate paramilitarrak antolatu zituzten, kaleetan beren “etsaien” aurka indarkeriaz jarduteko, sozialisten eta komunisten aurka, bereziki. Alemaniak piztu zuen Mundu Gerrak dozenaka milioi hildako eragin zituen borroka-fronteetan eta kontzentrazio- nahiz deuseztatze-esparruetan. Egungo eskuin erradikaleko alderdiek ez dituzte mota horretako erronkak planteatzen. Ez da bi errealitate horien arteko analogia errazik egin behar. Hobe da historia garaikidean faxismoak adierazi duena ez hutsaltzea, horrelako alderaketak eginez.

Beraz, faxismo historikoak ez digu balio gaur egungo eskuin erradikala ulertzeko?

Ez, ez da hori. Gaur egun, eskuin erradikaleko alderdiak ez dira zehazki faxistak, baina nekez uler daitezke alderdi horiek Europan faxismoak zer eragin izan zuen jakin gabe. Bien arteko analogiaz hitz egiteak ez du esan nahi homologoak direnik. Antzekotasun bat dago bien artean, eta zenbait ezaugarri partekatzen dituzte, hauek, esaterako: ultranazionalismoa; politika lagun/etsai logikan oinarritutako eremutzat ulertzea; herrialdeak, kulturak eta pertsonak hobeen eta txarragoen artean banatzen dituen ideia bultzatzea, ezkutuago edo ageriago dagoena; gezurra erabiltzea (egun fake news esaten diogu) helburu propagandistikoekin; eta pertsona komunitateko proiektuen mende jartzea (haien kasuan, beti da aberria). Baina funtsezko desberdintasunak ere badira eskuin erradikalaren eta faxismoaren artean; esaterako, lehenbizikoek demokrazia, formalki, onartzen dute (nahiz eta kritikatu egiten duten eta beren flotazio-marrarako erasoa ingura dezaketen), eta ez dute indarkeria erabiltzen beren helburuak lortzeko. Beraz, bien artean jarraitutasun-ildo bat dagoen heinean, haien arteko etenak albo batera utzi gabe, eskuin erradikala “postfaxista” dela esaten da.

Zenbat eskuin erradikal dago, bakarra ala hainbat?

Europan, eskuin erradikalaren egoera heterogenoa da, eta oso plurala. Alemaniarentzako Alternatiba (AfD), Frantziako Bilgune Nazionala (RN, Fronte Nazionalaren birfundazioa 2018an), Italiako Liga, Espainiako Vox, Austriako Askatasunaren Alderdia (FPÖ), Hungariako Fidesz edota Poloniako Legea eta Justizia izenpe berarekin sailkatzen ditugun arren, ez du esan nahi alderdi horiek postulatu berak defendatzen dituztenik. Ultraeskuinaren mundua, baita eskuin erradikalaren mundua ere, pluralean jokatzen dira. Horregatik, hobe da “eskuin erradikalez” hitz egitea.

Zer lotura dute eskuin erradikal horiek?

Aurrez aipatu bezala, mugimendu horiek guztiek mesfidantzaz begiratzen diote demokrazia liberalari (bada “demokrazia iliberalaren” alde egiten duenik ere, nork daki Hitlerren eta haren “demokrazia germaniarraren” erara agian). Eta denek jartzen dute beren programen eta beren jardun politikoaren aurrealdean aberria, desegitearrisku larrian dagoen lurraldetzat hartuta. Ultranazionalismoa eta etniaren ikuspegitik ahalik eta nazio homogeneoena lortzeko xedea dira ultraeskuinaren ardatz ukaezinak, baita eskuin erradikalarenak ere. Alde horretatik, natibistak dira: nazioak bertan jaiotakoek osatzen dituztela aldarrikatzen duen ideologia onesten dute, eta, beraz, haien iritziz, bertan jaio ez direnak mehatxu dira nazioaren homogeneotasunerako. Hala, Marine Le Penek “aukera patriotikoa”, berea, eta “aukera mundialista” aurrez aurre jartzen ditu; batzuek “sustrai sakonak dituztenak” dira, eta besteak “kosmopolitak” dira. Zenbaitetan, nazioko berezko herritarrak ere baztertzen dira, ez baitituzte bertakotzat hartzen; hala gertatzen da, esaterako, Hungarian, ijitoen gutxiengoarekin. Baina, beti, etorkinak hartzen dira identitate nazionalaren mehatxu nagusitzat, tradizio judukristautik urrun daudenak (hau da, musulmanak), bereziki.

Baina zerk bereizten ditu?

Demokraziaren ikuspegi kritiko bera partekatzen dutenez, eta aberria beste edozein balio edo printzipioren gainetik pribilegiatzen dutenez, eskuin erradikaleko alderdiek familia bat osatzen dute. Nolanahi ere, funtsezko desberdintasunak hautematen dira haien artean, eta, horrenbestez, zaila da “internazional nazionalista” (oximoron bitxia) gisako zerbait eratzea. Bada beste arrazoi bat ere, garrantzitsua dena: zenbait herrialdek, hala nola Austriak eta Italiak, lurralde-auzi historikoak dituzte, eta egoera horiek, noski, zaildu egiten dute haien arteko elkar-ulertzea (kasu horretan, Hegoaldeko Tirol da auziaren gaia). Eta ezin ditugu ahaztu ekonomiari edota moralari dagokienez alderdi horiek egiten dituzten proposamenak.

Zer diote eskuin erradikalek immigrazioari buruz?

Immigrazioaren aurkako diskurtsoa da eskuin erradikalen programetako puntu gogorrenetako bat. Alderdi horiek arazotzat hartzen dituzte etorkinak, lau ikuspegitatik:

1) Mehatxua direlako ahalik eta nazio-identitate homogeneoena izateko.

2) Kaleetako kriminalitatearen eta segurtasunfaltaren iturri direlako.

3) Langabezia eragiten dutelako (Frantziako Fronte Nazionalak kanpaina bat egin zuen 1978an, lelo hau hartuta: “Milioi bat langabetu sobera dauden milioi bat etorkin dira”).

4) Ongizate-estatuaz baliatzen direlako, eta, horrenbestez, bertakoentzat subsidio eta laguntza gutxiago daudelako.

3. eta 4. puntuei dagokienez, eskuin erradikaleko alderdiek “lehentasun nazionalaren” ideia proposatu dute (FNren “lehenik frantziarrak” ereduari jarraikiz); hau da, lehentasuna bertakoei ematea proposatzen dute hainbat arlotan: lana, etxebizitza, osasun-laguntza, etab.

Moralarekin jarraituz, iritzi publikoarekin dituzten harremanetan, gezurra esaten al dute eskuin erradikaleko alderdiek?

Eskuin erradikaleko alderdiek, arrazoiari baino, emozioei heltzeko joera dute. Propagandaren “artearen” ohiko baliabidea da; hau da, helburua ez da “egia” lortzea, baizik eta norberaren “egiaz” besteak konbentzitzea. Eskuin erradikaleko alderdiak gardenak dira immigrazioari, identitate nazionalari edota tradizioari buruzko proposamenetan, beren gai nagusietako batzuk aipatzearren, baina haien erretorikak herritarren emozioei heltzen die, eta beldurrak sorrarazten dituzte, beldurra etorkinari, “genero-ideologiari” edota, Voxen kasuan, separatismoari, Espainiaren batasunaren aurkako mehatxutzat hartuta. Haientzat, gezurra baliabide paregabea da hainbat gairen inguruko beldurrak pizteko eta elikatzeko, hala nola delinkuentziari eta emakumeen bortxaketei buruzko gaietan, bai eta “gurasoen betoa” eta “berariazko baimena” beharrezkoak izan daitezen gazteek sexu-hezkuntza jasotzeko. Sare sozialak komunikazio-bide pribilegiatuak dira haien mezu propagandistak zabaltzeko.

Zer bide edo baliabide erabili dira eremu politikoan eskuin erradikaleko alderdien aurrean?

skuin erradikaleko alderdiei aurre egiteko hiru estrategia bereiz daitezke: 1) Mugatzea: hau da, ordena demokratiko liberala onesten duten gainerako alderdi politikoek (komunistek, kontserbadoreek, liberalek, berdeek eta sozialdemokratek) ez dute haiekin hartu-emanik izango, “osasun-hesiak” ezarriz. 2) Kooptatzea: hau da, gainerako alderdiek ez dute eskuin erradikaleko alderdiekin negoziatuko, baina haien zenbait ideia onar ditzakete, immigrazioarekin eta kulturaniztasunarekin lotutako gaietan, batez ere. 3) Kontuan hartzea: alderdi horiek aitortzea eta normalizatzea dakar; hala gertatu zen, esaterako, Italian 1994an, Silvio Berlusconik gobernukoaliziorako ituna sinatu zuenean Aliantza Nazionalarekin, faxismoarekin nolabaiteko lotura zuen alderdiarekin (lehen aldia izan zen Europan, II. Mundu Gerraz geroztik)

Osasun-hesiak eskuin erradikalen aurrean?

Mugatze-lerro bat, osasun-hesiak, ezartzea izan da Europan ultraeskuinak izan duen gorakadari aurre egiteko moduetako bat. Finean, neurri horrek eskuin erradikaleko alderdiak hartu-eman politikoetatik kanpo uztea dakar berekin. Belgikako alderdi flandriarrak izan ziren aitzindariak neurri hori ezartzen, 1989an, hain zuzen; formalki adostu zuten akordiorik ez egitea Bloke Flandriarrarekin, sezesionismoaren aldeko eta immigrazioaren aurkako alderdiarekin (gerora, Flandriarren Interesa izena hartu zuen; biak ala biak VB). Osasun-hesiari bere horretan eutsi zaio 1992tik. Frantzian, esaterako, “fronte errepublikarra” aktibatu izan da, FN/RN alderdiko hautagaiak presidentetzahauteskundeetako bigarren itzulira pasatu diren bakoitzean, botoa hautagai alternatibo batengan bilduz. Alemanian, orain arte, ongi funtzionatu izan du AfD alderdiaren aurkako osasun-hesiak. Herbehereetan ere aplikatu izan zaio Geert Wilders buru duen PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiari (2010-12 aldian salbu), bai eta Suedian ere, Suediako Demokratak (SD) alderdiari. Dena den, askotariko arrazoiak direla eta, herrialde horietan guztietan osasun-hesiek (ez ofizialek) hausturak izan dituzte, tokiko eta eskualdeko politikarien artean, bereziki. Espainian, PP eta Ciudadanos alderdiek −Voxen aliatu izan daitezke− onartu egin dute alderdi ultraeskuindarrarekin negoziatzea, parlamentuan haien babesa lortzeko. Voxek ez du zuzenean parte hartzen erkidegoko gobernu bakar batean ere, baina, kanpotik, Gobernuaren agenda baldintzatzen du.


Testu hau USTEAK USTEL argitarapenaren IV. Kapituluaren zati bat besterik ez da, testua osotasunean irakurtzeko sakatu hemen