Skip links

¿Qué son los refugiados climáticos?

Pertsona errefuxiatuei buruz ari garenean, normalean, gatazka armatuek eta muturreko pobreziak eragindako migrazioak datorkizkigu burura. Badira, baina, bestelako jatorria duten migrazioak ere: aldaketa klimatikoaren eraginek eta hondamen naturalek eragindakoak. Kasu hauetan, errefuxiatu klimatikoak (edo ingurumen errefuxiatuak) kontzeptua erabiltzen dugu.

Kontzeptua bera ez da berria, Lester Brown-ek 1976ean erabili zuen lehenengoz, baina gaur egun oraindik eztabaida dago honen inguruan, errefuxiatu hitzaren definizio legalarekin bat al datorren edo ez, nazioarteko legedian erabiltzen dena. Hala ere, gero eta gaurkotasun handiagoa duen egoera bati erantzuna ematen dion kontzeptua da, larrialdi klimatikoa alegia, eta Nazio Batuak bezalako erakundeek erabiltzen dute. Esaterako, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak ondorengo definizioa proposatzen du:

“Errefuxiatu klimatikoak, bapatean edo progresiboki eman diren ingurumen aldaketek euren bizitzak edo bizi-baldintzak kaltetu dituztelako, euren bizilekuak utzi dituzten pertsona edo taldeak dira, bai beharturik zein honela aukeratu dutela, denboraldi baterako edo betirako mugitu direnak herrialde baten barnean edota atzerrira.”

*Kontzeptuaren marko teorikoaren inguruan, EHUko Estitxu Arkotxa Zabalak lan interesgarri bat aurkeztu zuen 2018an, hemen irakurgai.

INBGM (ACNUR/UNHCR)-ek ematen dituen datuen arabera, 1970. urtetik gaur egunera, hondamen naturalek behartutako desplazamenduak bikoiztu egin dira. Arazoa gero eta larriagoa dela argi dago, tenperaturaren gorakada, itsasmailaren igoera, lehorteak, uholdeak, desertifikazioa… baina ardura nori egotzi behar zaio? Honetan egiten du Miguel Pajaresek hausnarketa bere azkeneko liburuan, Errefuxiatu klimatikoak. hilabete honetan argitaratua. Bertan gobernuen akzio-eza argi geratzen da, nahiz eta egoera aspalditik ezagutzen duten. Somalia edo Hego Sudan bezlakao herrialdeetan pairatzen dituzte ondorio kaltegarrienak, nahiz eta arrazoi nagusia herrialde aberatsen ekoizpen eta kontsumo ereduak diren. Pajaresen liburuak politika globalak behar ditugula argi uzten du, bai aldaketa klimatikoari aurre egiteko, baita migrazioak kudeatzeko.

“Liburu honek modu zehatz batean aztertzen ditu migrazio klimtaikoek suposatzen duten erronka, babeserako instrumentuekin landu behar dugun errealitate bat. Jokoan dagoena, milioika pertsonaren bizitzak dira.”

Estrella Galán, CEAR-eko zuzendari nagusia.

Donostian, Emaús Gizarte Fundazioak gai hau gazteekin lantzeko saio batzuk prestatu ditu SUTAN proiektuan, abiapuntu original batekin: 2100. urteko Gipuzkoa ezagutu nahi? 

Gonbidapen honekin Emaúseko ETIK taldeak etorkizunetik ekarritako dokumental labur bat zabaldu dute, hondartzik gabeko Gipuzkoa distopikoan kokatuta. Egoera honetan, zure herria bizirik al dago, ala dagoeneko suak suntsitu du? Areagotutako aldaketa klimatikoekin, lurra lantzeko aukerarik al duzu? Edo akaso migratu beharko duzu? Honelako galderei erantzuna emango diote proiektuan parte hartuko duteen gazteek, rol jokoetan oinarritutako dinamiketan. Talde bezala parte hartu nahi baduzu, oraindik izena emateko aukera dago! Idatz ezazu ingurumena@emaus.com helbidera.