#Bizilagunak proiektua hainbat tokietan martxan dabilela kontatu dizuegu dagoeneko, besteak beste Gipuzkoan egin den egokitzapena eta Arabak prestatu duen errezeta liburua. Oraingo honetan, Araban ere, Amurrio eta Santa Cruz de Kanpezu herrietan nola ospatu zuten kontatzera gatoz. Bertan, aurreko urteetan parte hartu izan duten familiekin ekimenak antolatu ziren, argi uzteko oraindik ere Bizilagunak bagarela, Zurrumurruen Aurkako Sarearekin bat eginez.
Honela, Amurrion, azaroaren 15ean ondorengo manifestua irakurri egin zen:
Gaur, Amurrion, Bizilagunak Araba elkartearen kulturarteko bazkarietan parte hartu
dugun familiak elkartu gara. Gure etxeko ateak eta gure buruetakoak ere, ireki ditugun
familiak. Azken 4 urteotan konplize izan garen familiak, auzokideen arteko topaketa,
begirada, istorio eta hurbilketa baten parte izan garenak.
Aurten, COVID-19a dela eta, ezin izan gara mahai baten inguruan elkartu. Baina gaur,
hemen elkartu nahi izan dugu, argi eta garbi esateko, hala eta guztiz ere, bizilagunak
izaten jarraitzen dugula.
Gorroto eta xenofobia diskurtsoen zabalpen gero eta handiagoaren aurrean, argi eta
garbi esateko Amurrio herri atsegina, tolerantea, zibikoa eta integratzailea dela.
Argi eta garbi esateko harro sentitzen garela herri anitz batean bizitzeaz, arrazakeriari
atea itxi eta elkarbizitzari ateak irekitzen dizkion askotariko jendearekin.Argi eta garbi esateko hemen gaudela, eta aurrez aurre jarri nahi gaituzten iritzi
publikoko korronteei ez diegula utziko nahastu gaitzaten.
Argi eta garbi esateko lanean jarraituko dugula hemen bizi garen guztienganako
errespetuaren aldeko Amurrio eraikitzeko.
Argi eta garbi esateko, ESKERRIK ASKO, bizilagun bat gehiago zarelako, eta egunez
egun lanean ari zarelako mundu justuagoa eta anitzagoa eraikitzeko.
IZAN BIZILAGUNA.
Herriko emakume batzuek olerki batzuk prestatu zituzten, Kanpezun bezala, non azaroak 22an bizilagun bakoitzak aniztasunaren aldeko esaldi bat plazaratu zuen, bata besteari lotuta zapien bitartez. Hemen, Ainhoa Comas-ek idatzitako olerkia:
Bizitza askea bai,
Baina beharrak dauzkagu muga:
Lurra, argia eta ura.
Urak berde dauzka gure paisaiak,
Eta zabalak dira gure landak,
Denontzako dago lekua gurean.
Eguzkirik ez daukagu sobera
(Aurtengoa da salbuespen)
Baina ikasi dugu elkarren barruak berotzen
Jakin izan dugulako zein hotza den negua
Hezurrak izoztuta ditugunean.
Ez bagara gai su hori banatzeko,
Gure herria ez da hain gure
Eta beharbada herri ere ez.
Zabal ditzagun ateak.
Arabako Diputazioak babestu ditu ekintza hauek, Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren baitan, eta CEAR Euskadik dinamizatu egin ditu.