2025eko abendutik 2026ko otsailera bitartean, ZAS! sareak, Asier Gallastegirekin lankidetzan, bi lan- eta hausnarketa-saio egin ditu udaletako eta aldundiko teknikariekin, bai eta zurrumurruen prebentzioan eta bizikidetzaren sustapenean inplikatutako Gipuzkoako erakundeekin ere.
Saio horien helburua topagune bat eta pentsamendu estrategiko bat finkatzea izan da, ikasitakoa berrikusteko, gaur egungo erronkak identifikatzeko, eta koherenteagoa eta sare gisa egituratuagoa den ekintza baterantz aurrera egiteko, Gipuzkoako udalerrien ingurune desberdinetan dauden zurrumurru eta diskurtso eta jarrera xenofobo, diskriminatzaile eta arrazistei aurre egiteko asmoz.
Prozesuak memoria eta proiekzioa konbinatu ditu. Lehenengo saioan, zurrumurruen aurkako elkarrizketen inguruan pilatutako ziurtasunetan eta galdera irekietan sakondu genuen, eta azpimarratu genuen oso garrantzitsua dela lotura sortzea, entzutea eta diskurtso askoren azpian dagoen dimentsio emozionala aintzat hartzea. Gaur egungo testuinguruan dauden tentsioak landu genituen —polarizazioa, burbuila digitalak, desinformazioa—, eta balizko ekintza batzuk proposatu.
Bigarren saioa gauzak zehazteko urrats bat izan zen. Identifikatutako erronketatik abiatuta —komunitatea indartzea, entzutearen dimentsioa, proposamen-argudioak eraikitzea eta presentzia digitala—, proposamen eraginkorragoak sortu genituen: esperientzia komunitario iraunkorrak aktibatzea, zubi-lana egiten duten pertsonak indartu eta zaintzea, herritarren arreta erakarriko duten mezu labur eta koherenteak diseinatzea, gazteak espazio digitalean inplikatzea eta Gipuzkoarako estrategia partekatu baterantz aurrera egitea.
Espazioa, berriro ere, distantzia hartzeko, inertziak aztertzeko eta esperimentatzen ausartzeko lekua izan da. Behin betiko erantzunak itxi beharrean, saioek indartu egin dute metodoaren eta mezuaren arteko koherentziatik lan egiteko beharra, bi eremuak —tokikoa eta probintziakoa— egituratzeko beharra, eta ekintzen zerbitzura egongo den sare bati eusteko beharra, eta ez alderantziz.
Orain, argiago dugu zer erronka sistemikori aurre egiten diegun. Konpromisoa hartu dugu aliantzak ehuntzen jarraitzeko, eta asmoa dugu ekimen berriak probatzeko, bai eta auzoak, herriak eta hiriak inklusiboagoak eta demokratikoagoak izatea ekarriko duten prozesu komunitarioak indartzeko ere.



