Skip links

A18 Bilbo: “Neure kulturarteko uriaz harro”

Dakizutenez, Abenduak 18an Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Aurreko egunean Araban egindako ekimenen berri eman genuen, eta oraingoan Bilboko Udalak martxan jarri zuen kanpaina azaltzera gatoz.

“Neure kulturarteko uriaz harro” leloarekin, Bilboko Udalak migratzaileak protagonista duen kanpaina zabaldu zuen 18an, Europako Kontseiluaren proposamena aurrera eramanda (Bilbo Kontseilu hau osatzen duten 142 hirietako bat da). Nazio Batuen nazioarteko ospakizun honen bidez, migratzaileen eta beraiek txertatzen diren komunitateen aintzatespena egiten da. Egun honetan, gogora ekarri du Bilboko Udalak komunitateak guztien ahaleginen bidez berreraikitzen direla.

Bilboren kasuan, Muna, Tete, Cristina, Marcelle eta Cruzek Bilbo aukeratu duten migratzaile asko ordezkatzen dituzte: beste askok bezala, Bilbo euren bizilekua izatea erabaki dute, bizi-proiektu berriak hasteko, familiarekin elkartzeko, hazteko, ikasteko, lan egiteko, bizitza sozial, kultural eta ekonomiko aberats eta oparo batean parte hartzeko, eta finean bizilagunen komunitate handi bateko kide izateko.

Kanpaina hau hirian zehar zabaldutako publizitate-euskarrietan ikusgarri dago, baita sare sozialetan ere. Beraietan, kulturarteko hirietako bizilagun askoren mezuak ikusi daitezke, #WeTogether eta #ICCities traolekin.

Honekin batera, Udalak  dibertsitatearen aldeko eta bazterketaren aurkako BOSA! eskola-programa garatu du, 11 ikastetxeren eta 1.158 ikasleren parte-hartzearekin (DBHko 1., 2. eta 3. mailetako eta prestakuntza-zikloetako ikasleak). Helburu nagusia da nerabeak Giza Eskubide Unibertsalak betetzeko konpromisoan heztean, eta mota guztietako urraketen aurrean sentsibilizatzean. Hartara, zinema funtsezko baliabide bat izango da, gaitasun kritikoa pizteko eta sakoneko auziez hausnartzeko, hala nola justizia eta eskubideen berdintasuna pertsona guztientzat.

Abenduan, Bilboko 11 ikastetxetan, 1.158 ikaslek “Awlad: Hesiak Gainditu” dokumentala (Ane Irazabal eta Cósimo Caridi, Espainia, 2019, 60 min.) aztertu dute. Eginkizun horretan, hezkuntzarako eskubidea ume askorentzat ez dela betetzen ikasi dute, euren jaioterrietan dauden gerren ondorioz, gorabeheraz beteriko bizitza bat ekarri dietena. Filma ikusi ondoren eztabaidak, eta bizipen-, informazio- eta sormen-jarduerak egin dira.

Aurten, programa osasun-gomendioei egokitu zaie eta parte hartu duten ikastetxeei online tresnak eskaini zaizkie programa garatzeko, ikus-entzunezko proposamen batekin batera, formatu hori daukana, lau kapitulurekin eta ikasgelan egin beharreko jarduera osagarriekin eta material didaktikoekin.

Azkenik, abenduaren 19an Bilboko zurrumurruen aurkako agenteen sarearen urteko topaketa egin zen, online, udal estrategia honi lotutako 25 pertsonaren parte-hartzearekin. Estrategia honen helburua da immigrazioari eta dibertsitateari buruz dauden aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruei aurre egitea. Saio honetan, urtean zehar egindakoaren balantze zehatza prestatu da eta datorren ikasturterako lehentasunezko jarduketa-ildoak identifikatu dira.